Nire ibilbideak makrobiotikaren munduan ez zuen hasiera erraza izan. 2005ean esklerosi anizkoitza diagnostikatu zidaten eta medikuntza alopatak ez zuen esperantza handirik ematen; hor hasi nintzen gorputz gaixoa sendatzeko modu bat bilatzen. Makrobiotika ezagutu nuenean mundu berri bat zabaldu zen nire begien aurrean, erabat ezezaguna, baina halere, jabetu nintzen ekialdeko medikuntza eta makrobiotikaren filosofia hark jakinduria handia zuela gorputzaren funtzionamenduari buruz, eta batez ere, ikasten nuen guztiak logika ezin handiagoa zuela iruditzen zitzaidan.
Makrobiotikari buruzko lehenengo ezagutzak René Levy-ren (Ohsawa-ren
ikasle zuzena) etxean jaso nituen, Cuisine et Santé-n hain zuzen, Saint
Gaudens herrian. Hainbat denboraldi igaro nituen bertan, eta asko ikasi
nuen Levy maisuaren eskutik, bai egunero ematen zituen hitzaldietan eta
baita berarekin sukaldean lan eginez ere. Hainbat ikastaro egin nituen
Jexux Larretxearekin, Lurdes Artatxo eta bere alaba Estefany-rekin, eta
Portugalgo makrobiotika institutuko zuzendari Francisco Varatojoren
hainbat hitzalditan izan nintzen.
2007an makrobiotika ikasketak hasi nituen Escuela de Vida-n (Madrid),
Mª Rosa Casal-en zuzendaritzapean, eta bertan maisu handiengandik
ikasteko aukera izan nuen: Mª Rosa Casal bera, bere alaba Maria Gomez
Casal, Jose Maria Villagrasa, Francisco Varatojo eta Hélène Magariños
besteak beste.
Denbora horretan, ohiko elikaduratik makrobiotikora igarotzeak
dakartzan aldaketen ondorioez oso kontziente izan nintzen, izan ere,
osasuna berreskuratzea lortu bainuen, eta gaixotasun edo desoreka
egoeraren (nahiago horrela deitzea) ondorioak ere gainditu nituen.
Gaixotasun larrietarako Ohsawak ematen zituen gomendioak esperimentatu
nituen, hala nola 7. dieta eta elikadura ekologikoa, muturreko elikagai
zein elikagai findurik gabe.
Garbi daukat ez ezerk ez inork ezin duela eskaini norberaren
esperientziak ematen duena, gaixotasun egoeran egonda osasuna nork bere
baliabideen bidez berreskuratzeak ematen duena; eta horra iristeko
ezinbestekoa izan da egunero sukaldatzea, auto-behaketa, auto-ikasketa
eta auto-erregulazioa. Oso-osorik gure egin duguna bakarrik transmititu
dezakegu benetan.
Gure burua eraldatzeko gaitasun mugagabea dugula uste dut benetan,
izan ere, nahiz eta bidean oztopoak aurkitu, horiek lan egitera eta
espiritualki haztera garamatzaten egoerak baino ez dira.
Egun elikadura nutritibo eta sortzailearen aldeko apustua egiten dut, orain arte bildu ditudan ezagutza guztien bateratzailea, fanatismo eta dogmarik gabe, ekologia, elikadura subiranotasuna eta erantzukizuna bultzatuko duena. Eta nola ez, ikasten jarraitzen dut, egun Olga Cuevas-ek zuzentzen duen Roger de Lluria ikastetxean.
Sukaldaritza ikastaroen bidez elikatzeak benetan esan nahi duenaren
inguruko hausnarketa sustatzen saiatzen naiz. Ikasleek euren elikatzeko
moduaren inguruko galderak egiten hastea da helburuetako bat, eta ez
bakarrik zer jaten dut? galdetzea, baita ere nola jaten dut? Era berean,
elikaduraren bidez benetako bizitza aldaketarako bidea errazten
saiatzen naiz, orekarekiko gertutasuna esperimentatuz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario